2020(e)ko ekainaren 29(a), astelehena

Behar bezala despedituta izan ez diren ikasleei gutuna. Agur DBH 4ko ikasleei!

"Errespetu handiz zuzentzen gatzaizkizue, DBH eta ESOko 4. mailako irakasleok eta, jakinarazten dizuegu, gaurtik aurrera institutuak zuentzat eskaintzen zituen zerbitzuak alde batera uztea erabaki duela; batetik, bere instalazioak erabiltzeko adina gainditu duzuelako eta, bestetik, zuen ezagutza akademikoak, kalitatez zein kantitatez, institutuak eskaintzen dizkizuenak baino handiagoak direlako".





Bai, despido gutun bat da. Beldurgarria eta gordina. Ez da despedida egiteko gutun bat. Izan ere, gure gogoz kontra, une honetan eta ezohiko urte honetan ikastetxetik bota egiten zaituztegu, "kaleratu" hitzaren adiera krudelenarekin.

Eta egia da benetan despedida esan nahi genukeela eta ez despido. Bai, agurra, bere zentzurik atseginenean: "agur esatea edo hitz, adierazpen edo kortesiazko keinu bat beste bati igortzea banantzen zaretenean edo haietako bat joaten denean".

Are urrunago joan gintezke, definizio hori bera ere hotza baita Erronkariko eskolan eta institutuan zuen despedidan benetan zer egin nahiko genukeen adierazteko. Zer gutxiago patxadaz pasadizo zaharrak gogoratzea baino, barre eginez bideo eta argazki zaharrak ikustea baino, agian une egokia bilatuz zauri edo gaizki-ulerturen bat ixteko irakasle edo ikaskideren batekin eta, batez ere, zer gutxiago hitz egitea baino, begietara begiratuz, irribarrez eta baita, zergatik ez, besarkada zintzo eta eskerturen bat emanez ere, agian malkoren batekin bustita.

Uste dut nahiko argi adierazi dugula despedida duina ospatzeko geneukan gogo handia, nahiz eta, aipatu ditugun oroitzapenen harira, geure buruari ere galdetzen hasiak garen ez ote den egon, batzuetan behintzat, "despidorako" arrazoirik.

Gogoan dugu, esate baterako, Ander saltxitxa moduko batzuk prestatzen klasean: despidoa eta kalera. Baina nola ukatu Ander bezalako ikasle bati benetako despedida bat, artista potentzial bat denean, barrenean filosofo bat daramanean eta gutxien espero duzunean duela bi urteko klase batean emandako edukia oraintxe azaltzen ari zarenarekin harilkatzeko gai den ikasle fin bat denean (are gehiago, bai duela bi urte bai oraingo azalpenaren momentuan Ander erabat despistatuta zegoela uste zenuenean).


Beñat desordenatuta izateagatik despidorako hautagaia ere bazen. Bai, zergatik ez. Baina, egia esan, Amerikako Estatu Batuetako presidente baten senide bati ia dena barkatzen zaio. Eta are gehiago urte hauetan zehar oso harro sentiarazi gaituelako, giza balioez jantzita agertu zaigulako beren lagunen defentsan atera denean eta ikaskideren bati ataka hesturen batetik ateratzen lagundu diolako. Izan ere, zalantzarik gabe, gela hauetatik pertsona handi bat ateratzen da, bere balioen tamainako despedida goxoagoa merezi zuena.






Carlak ere bere despidoa ongi merezita zeukan. Erronkarira eskiatzen jakin gabe iristea eta bi egunetan gainerakoek baino hobeki egitea ez da aise barkatzen den kontua. Dena den, Carlaren enpatia handiak eta bere lanerako gaitasun agortezinak despedida maitakarroagoa merezi dute, ez baita erraza institutu batean Carla bezalako ikasle ona, trebea eta gaitasunetan bikaina izatea.


Despidoa ere Ienegorentzat? Bai, noski. Osasunarekiko duen zaletasun irrazionalagatik, baita Bigarren Mailan egonda ere. Txarrena da, behin despidoa emanda, klase bakoitzaren antzerki-puntua galdu izanen genuela, bai eta bere jarrera naturalekin ikasgelari ematen zion etxeko eta familiako kutsu hori ere, ikasgai batean eta bestean egiten zituen iruzkin zorrotz eta polemikoak ahaztu gabe, baina betiere ongi arrazoituak.

Imanolekin ezinezkoa izanen zen despidoa burutzea, ahoz behintzat. Zalantzarik gabe, zuzendariren batek hori egin nahi izan balu, bost minutuko solasaldiaren ondoren, kaleratzearen bidegabekeriaz ohartzeaz gain, zuzendariak berak ere bere dimisio ezeztaezina aurkeztuko zukeen egin behar zuen akatsaz ohartuta. Zaila baita Imanolen argudioei aurre egitea. Nolanahi ere, tamalgarria da Imanoli despedida on bat ez eskaini izana, bere hitzek, edo are bere diskurtsoak, despedida ekitaldiaren amaiera bikaina suposatuko baitzuten.

Naroak, ordea, irabazia zuen despidoa, kezkagarria baita urteetan futbolaz eta futbolzaleez inguratuta egon ondoren baloiari ostikada bat emateko gai ez izatea eta Osasunaren azken partidari buruzko elkarrizketa xume bat jarraitu ezin izatea. Dena den, benetan erakutsi duena da bere pazientziaren eta erresilientziaren handia, bere barne-energia, lanerako gogoa eta gaitasuna, eta printzipio sendoak dituen neska dela. Adibide gisa, ez ahaztu irakasleren batek, Naroa ezagutzen duenetik, bere gaztelaniazko testu guztiak arretaz berrikusten dituela, hizkuntza sexistaren arrastorik ñiminoena ere ikus ez dadin.







Hemen gaude, beraz, despidoaren itxura handia duen despedida batean. Aurten, gainera, koronabirusak ez du zuen despedida bakarrik erabat desitxuratu, ikas-bidaia ere lapurtu dizue; hau da, zuetako bakoitzak bere bide propioa hartu baino lehen hainbeste urtetako elkarbizitzaren urrezko itxiera izan behar zena.



Irakasleok zuen oroitzapenarekin eta zuen lan onarekin geratzen gara; eta bihotz-bihotzez nahiko genuke liburu eta pantailetatik erakutsi dizueguna baino zerbait gehiago eramatea gugandik.




Lerro hauetatik, Naroa, Imanol, Ienego, Carla, Beñat eta Ander, har ezazue gure besarkadarik beroena eta sentituena, eta nahi duzuen bezain luzea, gainera. Ez baitago distantzia sozial nahikorik gutun honetako hitzek hurbildu nahi dizueten maitasun guztia geldiarazteko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina